Basque Culinary Centerreko 165 ikasleek praktika ofizialak egin dituzte udan Estatu osoko jatetxeetan. Jatetxe horiek guztira 40 Michelin izar dituzte
Donostia, 2013ko abuztuaren 6a. Basque Culinary Centerren Gastronomia eta Sukaldaritza Arteen Unibertsitateko Graduko ikasleek, zehazki, lehen ikasturteko 100 ikasleek eta bigarren ikasturteko 65 ikasleek, praktika ofizialak egin dituzte Estatu osoko hainbat jatetxetan. Praktikak, hain zuzen, horien ikasketa-planaren parte dira. Praktika ofizialak dira, Basque Culinary Centerreko irakasleen eta 165 jatetxeren artean tutorizatuak. Horietan, lehen ikasturteko ikasleek hilabete egin dute eta bigarren ikasturtekoek hilabete eta erdi, sukaldeko, jangelako, barrako edo okintzako praktikak egiten. Guztira, jatetxe horietako 40k Michelin izar bana dute, eta batek, Marbellako Calimak, bi izar ditu.
Lehen eta bigarren ikasturteko ikasleak
Lehen ikasturteko ikasleak –100 ikasle– joan diren jatetxeetako zazpik Michelin izar bana dute: La Finca (Elx), El Molino de Urdániz eta Rodero, (Iruña), la Mina (Bilbo), Freixa Tradició (Bartzelona), Ripolleko Fonda Xesc eta Fonda Sala (Bartzelona). Lehen ikasturteko ikasleetako 48k Gipuzkoako jatetxeetan egin dituzte praktika ofizialak. Hori, hain zuzen, izan da helmugarik aukeratuena. Horren ostean, Madril (10 ikaslerekin) eta Bizkaia, Nafarroa eta Bartzelona (probintzia bakoitza 5 ikaslerekin) izan dira aukeratuenak. Baina, Basque Culinary Centerreko irakasleek eta jatetxeek tutorizaturiko praktika ofizial horiek honako funtsezko ezaugarria hau dute: helmugak Estatu osoan banatuta daudela, hala nola Araban, Kantabrian, Alacanten, Mallorcan, Coruñan, Asturiasen, Leonen, Malagan, Ourensen, Zamoran eta Zaragozan.
Bigarren ikasturteko 65 ikasleetatik 33k Michelin izar bana duten jatetxeetan egin dituzte praktikak, eta jatetxe horietako batek, Marbellako Calimak, hain zuzen, bi izar ditu. Ikasle gehienek, 24k guztira, Bartzelona aukeratu dute praktikak egiteko. Bartzelonaz gain, helmugarik eskatuenak Madril (7rekin), Gipuzkoa (5ekin), Bizkaia (3rekin) eta Malaga (2rekin) izan dira. Gainerako ikasleak Estatu osoko 16 probintziatan banatu dira, besteak beste, Valentzian, Murtzian, Errioxan, Granadan, Cuencan, Balearretan eta Asturiasen. Ikasleetako batek Frantzia aukeratu du ikasturtean ikasitakoa praktikan jartzeko.
Gradua
Basque Culinary Centerren Gastronomia eta Sukaldaritza Arteen Gradua, Mondragon Unibertsitateari atxikitako titulua, lau urteko unibertsitate-titulu ofiziala da, eta honako ezagutza-arlo hauek hartzen ditu barne: sukaldea-jangela, negozioa kudeatzea, zientzia eta teknologia eta kultura eta artea. Horren helburua profesional kualifikatuak prestatzea da, hainbat motatako enpresetan –jatetxeak eta elikaduraren eta gastronomiaren sektoreko beste edozein enpresa– sukaldeko produkziorako eta elaboraziorako sistemak eta maila handiko gastronomia-zerbitzuak diseinatzeko, ezartzeko eta koordinatzeko, eta pertsona-taldeak kudeatuz bezeroaren beharrei eta interesei erantzuteko. Gainera, produktu, zerbitzu eta negozio berriak sortu eta garatzeko kualifikaturik egongo dira, baita sukaldaritzaren eta gastronomiaren alorrean, ikuspegi berritzaile batetik, IKTak eta hainbat hizkuntza erabiliz, aholkularitza eta kontsultoretza eskaintzeko ere.
www.bculinary.com